Aldaketa zinezkoa eta iraunkorra.




Azkeneko hauteskunde autonomikoetan Euskadin, euskal gizartean, munta handiko aldaketa politikoa gertatu da. Hauteskunde horien ondorioz, Eusko Legebiltzarrean bestelako gehiengoa izateko aukera sortu da, nazionalista ez den gehiengoa, Euskadiko PSEko eta PPko ordezkariz osatua. Eta gehiengo parlamentario berri horrek bide eman du nazionalista ez den aurreneko Lehendakaria hautatzeko. Jende ugarik ulertu duenez, atera den gehiengo parlamentario honekin eta nazionalista ez den Lehendakari bat hautatzearekin Euskadirako garai berri bat ireki da.


Irakurtzen jarraitu...

Askatasuna eta demokrazia serioski hartu beharra



Baina askatasuna bidea egiten ari da. Emeki-emeki. Baita Euskadin ere. Agian, trantsizio garaian guztiok izan genuen halako irudipen bat: diktadorea hilik, besterik gabe libre ginela. Eta ahantzi genuen askatasuna egunez egun irabazi behar dela. Bistan da askatasunik ez dagoela diktadurapean. Askatasunik ez dagoela hizkuntza zapaltzen denean. Askatasunik ez dagoela alderdi politikorik gabe, askatasunik ez dagoela hauteskunderik gabe. Argi zegoen, halaber, askatasunik ez zegoela autogobernurik gabe. Eta irabazi genuen euskara erabiltzeko eskubidea, alderdi politikoentzako askatasuna, instituzio demokratikoak irabazi genituen, autogobernua, euskal instituzio berariazkoak –parlamentua eta gobernua-.


Irakurtzen jarraitu...

Demokrazia berrezartzea



Nolanahi ere, askatasunaren aldeko eginahal guzti horrek denboran zehar iraun zezan, beharrezkoa zen legebiltzarreko gehiengoan aldaketa izatea eta, orobat, eusko jaurlaritzan: ez soilik alderdiak aldatzeko, diskurtso politikoa aldatzeko batez ere. Askatasun faltaren kontzientzia bezala prestatuz joan zen erresistentziak ahots instituzionala izan zezan. Eta, hain zuzen ere, askatasun gosearen ahots instituzionala, inposatutako hizkeraren aurkako matxinadaren ahots instituzionala, beldurraren kontrako erresistentziaren eta nagusitzen zen beldurrezko egoerarekiko batzuen atseginari aurre egiteko ahots instituzionala edukitzeak emango du gehiengo berriaren neurria, euskal gobernu berriaren neurria. Ez dugu hori guztia jasan, gero askatasuna boterearen gozamenean lausoturik gera dadin. Askatasunaren aldeko borroka premiazko izaten jarraitzen du, askatasuna edo egunero irabazten da edo bestela zimeldu egiten da.


Irakurtzen jarraitu...

Bateratze homogenoa, aniztasuna eta konplexutasuna



Erraza da aro berriko kultura osoan zehar gizarteak, oro har, izan duen nolabaiteko bateratze, homogeneotasun, ikuspen korporatibo eta organikoaren nahia eta premia arakatzea: industrializazioa, Erdi Aroko eta Berpizkundeko egiturak haustea, bateratze erlijiosoa gainditzea, erabileren eta ohituren fluxu gero eta handiagoa, goitituz joan zen egitura sozialen konplexutasuna, horien guztien artean piztuko ziren jatorrizko edo maila goragoko bateratze baten desioa, multzo osoaren ikuspen organikoa, modernizatzen zihoazen gizarteen barneko desberdintasun eta barne konplexutasun guztiak gainditzeko gai izango zen homogeneitatea. Europar gizarteen goranzko konplexutasunaren aurrean erreakzionatzeko premia horrekin izan zuten zerikusia europar faxismoek.


Irakurtzen jarraitu...

Euskadin elkarrekin bizitzeko



Euskal gizartea zinez plurala eta konplexua da. Beste edozein gizarte moderno bat bezala, baina goreneko mailan. Euskal gizartean ez dira elkarrekin bizi eskuin-ezkertiarrak soilik, bi norabideetan izan daitezkeen gehiegikeriak barne. Euskal gizartean ez dira elkarrekin bizi sinestunak eta sinesgabeak soilik, eta sinestunen artean katolikoak eta izen desberdineko protestanteak eta musulmanak, eta sinesgabeen artean agnostikoak eta ateoak. Euskal gizartean, horiez gainera, bi hizkuntza elkarrekin bizi dira, euskal gizartearenak biak: horietako bata, gaztelania, mundu osoan 450 milioi biztanlek hitz egiten dutena, eta bestea, euskara, oso presentzia urrikoa autonomia erkidegoko mugetatik kanpo.


Irakurtzen jarraitu...

Euskal gizarteak politikoki iraungo badu, nahitaezkoa du barneko ituna



Euskadin demokrazia batik bat bi gauza hauen adierazpena da: bat, ez dela demokratikoa euskal gizarte osoaren ustezko homogeneitatera itzultzeko amets egitea, eta bestea, ez dela posible euskal gizarte adierabakar eta aldebakarraren instituzionalizazioa, definizio juridiko-politikoa, euskal elementu identitario bati, euskal gizartean bizi diren pertenentzia sentimenduetako bati bakarrik erantzunez. Ezinezkoa dela Estatu-Nazioaren eredu hertsiaren gaineko instituzionalizazio juridiko-politikoa. Eta, duen aniztasunagatik eta aniztasunagatik Espainia demokratikoa ez den ber, hizkuntza desberdinen, identitate desberdinen, nazionalitate desberdinen aitorpen instituzionalagatik ez bada, eta diferentzia horiek bereziki bizirik dauden gizarteei lurralde boterea aitortzeagatik ez bada, era berean Euskadi, euskal gizartea gizarte politikoa den aldetik ezin daiteke demokratikoa izan espainiar eremu instituzional eta politikoaren pertenentzia aitortzearen bitartez ez bada.


Irakurtzen jarraitu...

Euskadi errealitate politiko gisa



Ez dago inolako ezustekorik, euskal gizartea politikoki baturik bi aldiz gertatu izan bada bietan barne itun bat lortu izanaren emaitza izan da, Estatutua: 1936an bata, 1979tik aurrera bestea. –Nafarroako Antso Handia aipatzea, haren agintaldian Euskal Herria bat egin zela hain da atzera begiratze baldarra ezen ez duela aipamenik ere merezi–. Itun horietan euskal esperientzia historikoaren zerbait suma daiteke: zatiketek markatutako historia bat, bere errealitate politikoa sendotuko zuen barne itun baten beharra izan duena, eragin bikoitza duen ituna: diferentziaren instituzionalizazioa erdiestea, baina ez bere baitan itxia, irekia baizik, eta espainiar eremuan parte hartzen duena.


Irakurtzen jarraitu...

Itun orok konpromisoa dakar ondorioz



Euskal hiritarren artean benetako arazo politiko bat dago, demokrazia ulertzeko moduarekin hertsiki lotua: konpromiso hitzaren balioespen makurretik dator. Itun orok konpromisoa dakar ondorioz. Itunak ondorioztatzen duen konpromisoa ulertzeko modua beherapena izan ohi da: gehiago espero zen, gehiago nahi zen, gehiago izateko eskubidea izatea pentsatzen zen, baina aurreikusi ezinezkoak direla-eta, konpromisoa itxi behar izan da, helburu handienak ahaztu eta nahi baino gutxiagorekin etsi beharra. Konpromisioa beti dago idealaren azpitik, ideala konprometitzea esan nahi du.


Irakurtzen jarraitu...

Boterearen legitimitatea demokrazian



Demokrazian ez dago eta ezin daiteke egon boterearen behin betiko legitimitaterik. Boterea, pertsona batek edo batzuek beste batzuei obedientzia eskatzeko ahalmena, legitimatzeko zaila den zerbait da. Historian zehar giza harreman guztietan beti gertatu bada ere, ez dago ukatzerik esplikaezina eta justifikaezina dela. Galdera da, hortaz, ea ezinezkoa den behin betiko legitimitate horren bila segituko ote dugun justifikaezina den fenomeno batentzat, hau da batzuek boterea izatea beste batzuen gainean, edo gogoeta egingo ote dugun boterearen erabilerak bete behar dituen baldintzen gainean, boterea onargarri izan dadin. Eta orain arte ez dira beste baldintzarik aurkitu, non ez den boterea zatikatzea, mugatzea, kontrolatzea eta zuzenbidearen mende jartzea –ongi ulertuz zuzenbide naturalik ez dagoela, dagoen bakarra zuzenbide positiboa dela–.


Irakurtzen jarraitu...

Askatasun gune berriak



Eusko Legebiltzarreko gehiengo berria eta Patxi López lehendakari duen gobernu berria garrantzizko une ditugu askatasunaren historian euskal gizartearentzat. Baina garrantzizko une bat dira benetan askatasun gune berriak ekar ditzaketenak, edo eta deus gutxi ekar lezaketenak, halaber. Neurri handi batean hori ez da bakar-bakarrik egongo gehiengo berria osatzen duten alderdien eta euskal gobernu berriko kideen jokaeraren baitan, are gizarteak bere kritikotasunari eusteko duen gaitasunaren baitan ere egongo da, kritikotasun hori gauza izan baita poliki-poliki zenbait gune konkistatuz joateko: pentsatzeko askatasun gune txikiak, identitaterako askatasun guneak, norbere iritzia izateko askatasun guneak indar homogeneizatzaileen aurrean, euskal gizarte guztiari imajinario nazionalista bakar eta esklusibo bat inposatzeko joeren aurrean.


Irakurtzen jarraitu...

Legalitatea eta legitimitatea



Hizpide hartzen dugularik zer harreman duten gizarte zibilak eta hiritarrek alderdi politiko demokratikoekin −zeinak ezin ditzaketen eta ez dituzten ordezkatu nahi−, inportantea da azaltzea zer diferentzia dugun Espainiako sistema konstituzionalean legezkotzat jo daitekeenaren eta legitimotzat jo daitekeenaren artean. Behin eta berriz esaten zaigu edozein ideia defenda daitekeela betiere ideia hori defendatzen duenak bake bideak soilik erabiltzen baditu; horrek, ordea, legalitatearekin baino ez dezake zerikusirik izan, ez legitimotasun demokratikoarekin, ezen ezein planteamendu politiko ezin baitaiteke legitimoki demokratikotzat har baldin eta konstituzio demokratikoen oinarrizko printzipioen kontrakoa bada, hots, oinarrizko askatasunak eta eskubideak aipatzen dituzten printzipioen kontra, identitaterako askatasuna barne, kontzientzia- eta iritzi-askatasuna azaltzeko era moderno eta gaur egunekoa, alegia. Eta ondorio gisa, ezein planteamendu politiko ezin daiteke demokratikoki legitimotzat har ez badu positiboki barneratzen ezarria dagoen gizartearen aniztasuna.


Irakurtzen jarraitu...

Askatasunak hiritar kritikoak eta pedagogia politikoa behar du



Ezin daiteke askatasunaren historiarekin jarraitu hiritar kritikorik gabe. Ezin daiteke, erantsi behar da, askatasunaren historiarekin jarraitu pedagogia politikorik gabe. Askatasunaren ideia bizirik atxikitzea, mehatxatzen duten arrisku berriak jakitea, kultura demokratikoa garatzea etengabeko lana da. Ez da bukatzen trantsizio batekin, erakunde demokratikoak abian jartzearekin. Etengabeko pedagogia politikoa behar da hiritarren kontzientzia kritikoa indartzeko.


Irakurtzen jarraitu...

ETAk eraildakoen memoria



Azken hogeita hamar urteotako bortizkeria terroristaren historiari begirada bat ematea aski da aurreko lerroetan esandakoa egia dela ikusteko. ETAk eraildakoen memoria da arestiko hausnarketetan azaldutako ideiak indartzen dituen adibidea. ETAren erailketen memoriak agerian uzten du askatasunaren arriskuen gainean esandakoa ez dela abstrakzio bat. ETAk eraildakoen memoriak argi eta garbi erakusten du demokrazia ulertzeko argudiozko eginahala ez dela adimen eginahal hutsa, errealitatearekin lotunerik ez duena, memoria hori ulertzeko eta erailketa horiek guztiak eragin duenari aurre egiteko behar-beharrezkoa den zerbait baizik.
Erailketa hutsak dira. ETAren terrorismopean erori direnetakoen artean batek ere ez zuen bizia ezergatik eman nahiko. Banaka batzuek bakarrik jakingo zuten hiritarren askatasunaren alde sakrifikatu beharrean egon zitezkeela. Guztiek bizi nahi zuten. Bizia, ordea, bortxaz kendu zieten. ETAk. ETAk trantsizioa onartu ez zuelako. ETAk erreforma onartu ez zuelako. ETAk Euskadirekiko harremana beste modu batera ikusten zuten euskal herritarren akordioa onartu ez zuelako. ETAk espainiar demokrazia onartu ez zuelako, Konstituzioa onartu ez zuelako, ez eta Estatutua ere. ETAk zuzenbidezko estatua onartu ez zuelako, ez desberdintasuna, ez eta aniztasuna ere, hots, hiritartasuna.


Irakurtzen jarraitu...

Euskal hiritarren askatasuna indartzea



Euskal hiritarrok ezin gaitezke konforme gelditu gobernu aldaketa hutsarekin, gehiengo parlamentario berria gertatu izanarekin, alderantziz, erne egon behar dugu askatasunaren historia iruten segi dadin, gertatu diren aldaketak askatasunaren historia honen zerbitzura egon daitezen. Gehiengo berriari eta gobernu berriari ongietorria egingo zaie euskal herritarren askatasun historia sendotzen baldin badute. Zorrotz epaituko dituzte, haatik, taktikaren kezka askatasunaren interesen gainetik jartzen badute.


Irakurtzen jarraitu...